Odolkiak

Urria 20th, 2010 § Iruzkin 1

Ez dut esango gustuko ez ditudanik, baina ez diet aparteko begirunerik odolkiei. Babarrunekin edota garbantzuekin jan izan ditut, eta onartzen dut beraien ekarpena egiten dutela, bai zapore eta baita testura aldetik ere. Askotan galdetu izan diot nire buruari nola demontre atera daitekeen jaki bat txerriaren odoletik, gauza gutxi batzuk gehituta, eta batez ere, nola jan dezakegun guk hori. Hala ere, horrek ere ez dit aparteko higuinik sortzen.

Baina batere gustatzen ez zaidana, odolkiak jan izanaz damutzen naizen garaia, eztarria eta sabelaren artean bere zapore berezi hori bueltaka hasten zaidanean etortzen den momentu hori da. Gutxien uste dudanean, hara non bat batean etortzen zaidan odolki zaporea ahora, gorputzaren barnealdetik, bertatik ihes, kanpora atera nahian, inori ezer galdetu gabe. Hau nik kontrola ezin dezakedan gauza bat da. Beno, halakorik ez jatea izango litzateke neurririk onena, noski. Baina odolkiak jaten ditudan bakoitzean, aldioro aldioro, gertatzen zait hau, eta ezin izaten dut ekidin, nahi duenean etortzen da eta halaxe hartu behar izaten dut.

Gauza bera pasatzen zait batzuetan gorago, buruan. Zerbait entzun, irakurri edo ikusten dut eta momentuan arreta berezirik eskaintzen ez diodan arren, gerora, beranduago, entzun irakurri edo ikusi dudan hori buruan bueltaka hasten zait, atzera eta aurrera, gora eta behera. Ideia, pentsamendu edo sentimenduak dira eta kanpora ateratzeko gogoz egoten dira. Hauek ere ezin daitezke espero, nahi dutenean etortzen dira eta. Nik ordea, odolki zaporearekin bezala, momentu batez barnean manten ditzaket, kanpora atera aurretik barruan dabilen hori zer den, nolakoa den eta zergatik dagoen jakiteko.

Jakin badakit ordea odolkiei zailtasun handirik gabe irteera ematen diedan bezala, buruan jirabiran ibiltzen ditudan horiei ez diedala hain erraz ematen. Kanpotik mugak ditudalako edota nik neuk neure buruari mugak jartzen dizkiodalako, baina askotan izaten ditut arazoak buelta asko emandako ideia, pentsamendu edota sentimenduak kanporatzeko.

Korroskada intelektual bat baina gehiago izatea nahi nuke blog hau, buruan bueltak eman ondoren melodia entzungarri eta goxo bat sortuko lukeen airearen pare aterako diren hitzak eta irudiak bilduko dituen ahoa, gero nahi duenak entzun dezan eta nahi izango balu, bere melodiarekin erantzun.

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.